
Gipuzkoako Goierrin, Murumendi mendiaren oinetan zutitzen den herrixka. Bi zatitan bereizitako hirigunea du: Bata N-1 errepide ondoan, Oria ibaiaren barrenean, eta bestea Murumendi mendiaren hegalean mailakaturik sakabanatua.
Itsasondok hiribildu titulua Erret Ogasunari 1615. urte aldera erosi zion, 1399az geroztik Ordizia hiribilduari loturik egon ondoan. Batura hau da herri honetaz dugun lehenengo agiri-berria. Honen bitartez herrixkako biztanleek jauntxo feudalek egin zitzaketen gehiegikerien aurrean babesa eskuratzeaz batera, berezko administrazio ekonomikoari, lurren gainekoari eta abar eusten zioten. ltsasondo gainera Bozue Handi Elkartekoa zen, Enirio-Aralarko mendietako baso eta ganadutzazko baliabideen ustiapenera emaniko erakundea.
Arama, Gaintza, Legorreta, Altzaga eta Zaldibiarekin batera, 1615ean Oria ibaiko Batura osatu zuen Biltzar Nagusi eta Partikularretan ordezkatuko zituen ordezkariak eragindako gastuei aurre egiteko. 1845ean urratu zen batura hau. 1966ko otsailaren 5ean, Altzagak barruti txikia eta diru urritasuna zela eta Itsasondoko udalerriari batzea eskatu zuen, 1967ko abuztuaren 19an onetsi eta egiaztatu zena. Iazko urtarriletik, berriz bi udalerri bereizi dira. Bada udalerri honen behe ertaroko historian gailentzen den beste datu bat, zera, udalerrian handizki leinuen multzo txiki bat bazela, batzu-batzu ganboatarren etxearekin lotzen zirelarik, Ibarratarrak esate baterako.
Baita Rekalde, Etxeberria eta Isasagatarrak ere. Azken hauei zor zaie herriak duen izena. Itsasondon ongien ezagutzen den eremua N-l errepidearen bi albotara lekuturik dagoena da. Orohar, mende honetako eraikuntza arruntak dira, arkitektura ezaugarri nabarmengabeak. Errepidetik harbelezko betegune ugariak ikus daitezke, gaur esistitzen ez den aribide baten adierazgarri. Herriaren garapen modernoan garrantzia itzela izan zuen eta gaur egun ondorioak somatzen dira inguruan.
Etxe askotako teilatuak harbelezkoak dira eta meabide eta zuloak ere badira oraindik hirigunearen inguruetan. Harbeltegiak 1970ean itxi ziren, herriko giza eta ekonomiazko egitura goitik behera astinduaz. Bariantea zabaltzeak eta kokaguneak dituen baldintza estrategiko ezin hobeak bestelako faktoreekin batera, hiri garapen handia eragin dute, errepidearen ondoko atala birrantolatzea bideratu dutenak.
Jasokundeko Parroki Eliza erreferentziagune da Itsasondoko gunerik jendetsuenarentzat. Arkitektura saila eremu malkartsuan lekutzen da eta honenbestez, pasabide, kantoi eta kalexka estuz bereiziriko herrenkada bihurriez jositako morfologia azaltzen du, mendian gora igotzen diren bidexken bitartez elkarlotuak; hauetariko askok, sakabanaturiko baserri askoren bilgune diren inguruko landa eremuak bategiten dituzte.
Jasokundearen Parrokiak ertaroan du jatorria, gaur egun duen itxura, XVI. mendean hasitako zabalkuntza lanen ondorio delarik. Nabe bakarra du gurutzeriazko gangez estalia. Atalik zaharrena badirudi koru azpian dagoena dela. Portada ikaragarri apala du. LetrangoSan Juan baseliza. Herriaren sortzezko gunea osatzen zuten eraikuntzen artean, Beitia baserria sarrera-arku polita duena, udal garbilekua eta Otamendiko oinetxea dira aipagarrienak. Arginsaingo Santa Marinaren pareko goieran zutitzen da eta bertatik, inguruko ibar eta muinoen paisaia ikusgarria begitantzen da.
Zertxobait urrutiratuagoak eta herrigunearen gainetik goitituak Iraola Arresea eta Isasaga baserriak ditugu. Azkeneko hau dagoen tokitik Gipuzkoako barren aldera zihoazen usadiozko mendibideak begitantzen dira eta baita Oria ibarraren bidea ere, Behobia alderako Errege Bidea igarotzen zen tokia. Behe Erdi Aroan garrantzizko dorretxea izan zen, garaiko handizki-sistretan zuzenean esku hartu zuela. Gurutze Santuaren baseliza mendiak zeharkatzen zituzten bideen norabidea erakusten ari dela esan behar bere presentziarekin, ibarrak eta errege bideak igaro beharrik izan gabe.
Herriaren behe aldea, arestian aipatu bezala, N-l errepidea bertatik igarotzeak ikaragarri baldintzapetu du. Bide moderno honek Gaztelatik Frantzia eta Europarako ertaroko bidea berreskuratu du, eta honenbestez, ez da harritzekoa inguruan lehengo errepide-sareari loturiko testigantzak gorde izana. Hiru zulotako zubia esate baterako 1602an eraikia, edota Letrango San Juan baseliza, 1860an birreraikia izan zena, trenbidea egiteko lanak zirela eta, bertan behera bota behar izan bait zuten antzinako eraikuntza. Lurraldean osperik handienetakoa zuen ospitaleetariko bat Zen, gaiso, ibiltari, erromes e.a. zaintzera emana.
Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundiak 1992. urtean argitaratutako 'Gipuzkoako Gidaliburu Historiko Monumentala'.